XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bidaia hasi zuenetik arruntontzat sugerenteak diren imaginekin egin zuen topo bere ikuspuntu zenitaletik.

Esate baterako, desertuetako karabana urri desesperatuak ikusi zituen oasietara arrimatzen; uherroi eta paitak milaka legoatako migraziotan jarraitu zituen; itsasoari zenbatnahi aldarte eta tonu somatu zion; halaber, irla bakartiz zipriztindu ur epelak ere behatu zituen eta paraje haietako egunsenti luzeak; sumendi irazekien gaindiketa beldurgarria eta oihanak zainak legez zeharkatzen dituzten ibai lodiak.

Ama naturaren handitasunez jabetu zen behin eta berriro bere hegaldatze luze hartan, arik eta egun batean noizbait gelditu beharko zuela bururatu zitzaion arte.

Eta, azkenik, muinotxo berdez osatutako lurralde hartara ailegatu zen goiz batez.

Hasieran, urtetan ikusitakoak eta gero, ez zuen lekuak erakarri.

Erraza zen deskribaketa egitea.

Zeru aldetik berrehun-hirurehun metrotako mendiskak ageri ziren bistara, belar esmeraldaz tapizatuak.

Hanhemenka kareharri koskorrak.

Ibarretan, erreka meheen bultzada irteera bila, semizirkulu berdeen presiotik aldegiten.

Goian, haizeak azkar uxatzen zituen kumulu arinak.

Behekaldean, berriz, brixa bigunak mugitzen ziren.

Pasaeran parajearen bitxitasunari erreparatu zion.

Hau da arraultza berdeen erreinua esan zuen airera.

Baina, dudarik gabe, hango argia izan zen benetan hedatzen zena.

Bista hark bere izpirituak behar zuen baretasuna helarazten ziola iruditu zitzaion.

Bapatean zentzumenak oldartu zitzaizkion, une traszendental batekin topo egin duenaren antzera.